Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-08-14

11. Felisak gogoratzen duena... Seme-alabak jaiotzen dira

Abaltzisketako Etxeberri Enean hiru edo lau abortu izan zituen. Gaizki pasa ohi zen, baina beno! Ez zuen inoiz ohean egon beharrik izan. Umek izateko zaharra ote zen esan zuen norbaitek. Berak entzun zion eta preokupatu egin zen. Hogeita hamaika urte zituen ezkondu zenean. Bai, zaharra zen garai hartarako.


Abortuen errekuperazioa arina izan bazen, Kristina jaio zenean desberdina izan zen. Ostirala zen. Arratsaldea zen minak etorri zitzaizkionean.
  • Ez zain ezer asko geratzen!- esan zion amona Manuelak- Hoa lehenbailehen ardiak etxeratzera.

Juxtu-juxtu irauten zuen zutik, minak ematen zionean. Nola edo hala gaua pasatu zuen hala ere.
  • Erditzeko unea iritsi dela uste dut- esan zion apuratuta Joxeri, goizean janzten ikusi zuenean.
  • Zu, lasai. Ez zaitez urduri jarri- esan zion Joxek eta, Tolosako azokara joan zen, ardik larrera ateratzeko esan ondoren.

Izugarrizko hotza zegoen. Eskolaraino iritsi zen bere ardien aurrean, minak eman zioenean. Nikolas orduantxe zebilen han. Berak eta beste ume batek lagundu zioten bide ertzean esertzen. Ez zen oraingo honetan ere atera. Kostatu zitzaion etxera iristea.

Hurrengo goizean minak jasangaitzak ziren. Antunetxeko Nikolasen amak egin behar zituen komadrona lanak. Bitartean praktikantea edaten eta erretzen ari zen sukaldean, lasai-lasai.
  • Hori da aurpegia, zuk daukazuna!- esan zion tenple txarrean Nikolasen amak medikuari- Andre gaixo hori kuartoan sufritzen eta zu, hemen, kopa eta purua aurrean.

Gogo txarrez altxatu zen eta “indizioa” jarri zion.
  • Ez idazue konturik eska, hila jaiotzen bada... Leihotik botako dut!

Eskerrak Jaungoikoari! “Indizio” hura ez balitz, oraindik erditu gabe legoke!

Beste hiru erditzeak errazak izan ziren, baina Kristinarena gainditzea asko kostatu zitzaion. Gainera, amona Manuelaren marmarrak jasan beharra izan zuen, bera zortzi egunen gorabeheran lanerako prest egoten zela-eta. Geroago amona Manuela hil zen... Etxeberri Enean etzanda eta ohean hil zen bakarra.

No hay comentarios: