- Eta handik aurrera hortxe ibili ginen, lan eta lan; han ere asko tokatu zitzaidan: bi urte pasa eta gero izan genuen alaba, Mari Coro, eta ondoren hiru aborto ere izan nituen. Bost urte eman genituen Mamonean. Bitarte horretan, bertako aita, Martin, gaixo jarri eta hil egin zitzaigun. Orduantxe hondatu ginen; esan dudan bezala, nire gizona eta, amar senide ziren eta gehienak lana etxetik kanpo egiten zuten, baina gauerako etxera biltzen ziren. Lan asko zegoen etxe hartan eta egiteko inor gutxi. Fabrikan lan eginda ezin zitzaion baserriari behar bezala eutsi eta hura ez genuen utzi nahi. Bazen anaia bat ez zuena lanik fabrikan egin nahi eta hura geratuko zen baserrian. Arreglo bat egin genuen eta gu kalera irten ginen. Garai hartan ezin zen etxerik aurkitu eta Ordizian bat egiten ari zirela jakin genuen. Han hartu genuen eta, egiten zen bitartean, nire jaioterrira, Abaltzisketara, joan ginen; amari 500 pta pagatzen genion errenta gisa eta lanean lagunduko genion. Bertan bizi ginela, beste desgrazia bat izan genuen: gu joan eta urtebetera, nire anaietako bat, Lontxo, hil zitzaigun istripuz. Orduan aitak esan zion amari: Aizu, Felisa: Hauen beharra bada hemen eta ez iezaiezu dirurik kobra. Eta horrela beste bi urte pasa genituen Etxeberrinen.

Etxea bukatuta zegoenez, Korok sei urte zituenean, Ordiziara bizitzera etortzeko moduan zeuden. Dudatan egon ziren, baina, azkenean, Ordizian egin zuen Korok Jaunartzea.
Handik bi urtera izan zuten beste alaba: Arantxa.
Ordizian bizi arren, makina bat aldiz joan ziren Kristinaren jaiotetxera, belarretara edo garotara. Baita ere aita eta amari arropak garbitu edo konpontzera!
- Eta horrelaxe atera dugu bizimodua, txintxo-txintxo ibilita. Gu biok aita eta ama ezjakinak gara, baina bi alaba azkar izan ditugu, bata maistra eta medikua bestea.
- Gogoratzen naiz, esate baterako, egin genuen bazkari espezial bat: Ezkondu gineneko 25 urteurrena. Arantzazun meza entzun eta bazkaria han inguruan. Ea beste horrenbestera iristen garen berrogeita hamar egiten ditugunean!
- Guk, berriz, berrogeita lau urte pasatu ditugu elkarrekin (2001ean kontatu zizkidan Kristinak kontu hauek), gero eta gehiago elkarri maitez. Gizon on bat tokatu zait, munduan den hoberena eta horrelaxe urte asko irautea espero dut, azken urteak elkarri lagunduz eta elkarri gehiago maitatuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario