Gregori etortzen zenean, Felisak ez zuen ama ezagutzen eta korrika alde egiten zuen ezkutatzera, beldurturik, Gregorik goxatu eta musukatuarren- Migeli Barbararekin gertatzen zitzaion bezala- dio Felisak situazioa esplikatu nahian. Felisak dionez, altua eta argala omen zen bere ama; ziurraski oso estimatua izango zen…
- Artasoroa zen lekurik hoberena ezkutatzeko.- dio pikaro aurpegia jarriz- Ia-ia harrapatuan nengoela, askotan alde egiten nion han.
Arrazoiak oso desberdinak izan zitezkeen. Behin, ahal zuen guztietan bezala, egun osoa eman zuen kolpe zorrik jo gabe. Azkeneko momentuan, Lontxa iristear zegoenean, hartu ontzia eta joan zen presaka ur bila. Iturria urruti zegoen eta, itzultzean, ia-ia etxean zenean, presakaren-presakaz, hara non estropozo egin eta ontzia irauli egin zuen! Gozoa jarri zen amona Lontxa!
Beste behin, urteroko usadioa hautsiz, soineko bakarra erosi beharrean bi erosi zizkion. Hura poza! Inoiz egin gabe zuen horrelakorik eta Felisa pozik zegoen. Politak ziren, dotoreak, bakarrak... Probatu zituen eta bata zikin samarra zegoela iruditu zitzaion. Garbitu eta, mimo handiz, lehortzen jarri zuen. Zer ari ote zen egiten suarekin! Ederra egin zuen! Soinekoak, Felisaren begi izutuen aurrean, su hartu zuen lehortzeko zintzilika jarri zuen horretan!
Felisaren disgustua ez zen nolanahikoa izan, baina laster baztertu zuen Lontxak zer esango ote zuen beldurraren aurrean. Eta ez zen gutxiagorako izan. Ederki berotu zuen bere amorruan!
- Ia-ia akabatzen nau une hartan.- gogoratzen du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario