Ekainaren 29 eta 30ean amabirjina ikusi zutela aitortu zuten ume batzuek Ezkion. Urte guztian jarraitu zuten horretan eta milioi bat pertsona gutxi gorabehera erakarri omen zuen albisteak. Uztailaren 12, 16 eta 18an 50.000 mila pertsona inguratu zen Ezkiora, mirariaren zain. Abuztuaren 13an Gorteetan denuntziatu zuten, baina hala ere pertsonaia ospetsu ugari inguratu omen zen, jendetza izugarriren artean.
Abenduaren 27an, gotzainak Ezkioko gertakizunetan parte hartzea debekatu zien apaizei.
1934an Mujika gotzainak naturaz gaindiko izaera ukatu egin zuen eta, igarleek Ezkiora ez hurbiltzeko agintzeaz gain, hainbat liburu ere debekatu zituen, kultua klandestinitatera pasatuz.
1936an gerra zibila hasi zen, baina Francok eman zion trataera ez zen bestelakoa izan eta bertaratzen ziren sinesleak jazarriak izan ziren.
Krisi politiko eta erlijiosoan murgildurik, amabirjinaren hitzak errepikatzen zituen Ormaiztegiko andere zaharrenak edo Ataungo 24 urteko arotzak: “Errosarioa erreza ezazue egunero”.
Eta horrela hasi zen. Hasieran ehunka ziren, milaka gero, ondoren... Gehienak gipuzkoarrak ziren, goierritarrak, baina Nafarroa, Gaztela, Catalunya eta Iparraldetik ere etortzen ziren.
1932 eta 1936 urteren artean jende gutxixeago ibili zen. Zenbaitetan igarlea eta bere familia bakarrik etortzen ziren, baina Bilbo, Donostia, Iruñea, Astigarraga, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Ormaiztegi, Pasaia, Urnieta, Zaldibia eta Zegaman, behintzat, ezkutuko bilerak egiten jarraitzen zuten. Zaldibiko jende dexente lanak lehenbailehen bukatzen saiatzen zen, ondoren gaueko errosarioa errezatzera Ezkiora joan ahal izateko.
Zaldibian bi neskatxa izan ziren lehenengo igarle. Bata neskame zegoen eta, sinetsi ez ziotenez, alde egin beharrean izan zen. Bestea, Ines, Ordizian zebilen lanean eta moja sartu zen.
1933an, Kandida Zunzunegi, baserritar baten 34 urteko emaztea, bisioak izaten hasi zen, hasieran Ezkion eta gero beste leku batzuetan ere bai, Ordiziako denda batean, bere baserrian...
Zaldibitar sinesleek arerio gogorra aurkitu zuten. Martin Elorza, Mateo Mujika, Gasteizko gotzainaren lehengusu zen eta “a pecho” hartu zuen kontu hura. Gizon zorrotza zen. Hitler miresten zuen eta honen argazkia zuen bere bulegoan zintzilik; haren ideia arrazistak gogoz defendatzen zituen, Pio XI.aren gaitzespenak iritzia aldarazi eta, argazkia puskatuz, oker egon zela adierazi zuen arte.
Bere buruarekin hain zorrotza zena, halakoxea zen eliztarrekin ere, eta nekatu gabe aritu ohi zen Ezkioren aurka.
Zaldibitar sinesleak, ordea, erabateko burugogorrak ziren. Gobernadoreak 1932an eta gotzainak 1933an igarleak Ezkiora hurbiltzea debekatu zutenean ere ez zuten etsi eta Kandidari lagundu zioten, oinez, lau edo bosteko taldetan, guardien bistatik sagastietan ezkutatuz.
Jendeak barre egin eta txistuka hartzen omen zituen askotan eta, hori guztia gutxi bazen, Elorza jaunak Ezkiora joaten zenari komuniorik ez ziola emango esan zuen eta, iloba eta 4 edo 5 seminarista bidali zituen joaten zirenen izenak hartzeko.
Komunioa hartzeko xedez apaizarengana inguratzen zirenean, honek ukatu egiten zien.
- Vas a ir a Ezkio? Delante de Cristo te digo.
- Sí. Yo voy a Ezkio a rezar.
- Pues, no te doy comunión.
- Pues alguien me dará.
Hamabi urtez, dozenaren bat pertsona baziren Zaldibian komunioa hartu ezinik. Koadrila bat, behintzat, atxilotu zuten 1935eko urtarrilean. Multa txikiak ezarri zizkieten, 50 pezetakoak, baina zaldibitarrek ea ordaintzea komeni zen amabirjinari galdetu eta ezezkoa jaso omen zuten. Udaletxeak ordaindu omen zuen azkenean.
Gerra zibilaren garaian, Martin Elorzak beste taldetxo bat atxilotarazi omen zuen. Kandida eta bere kideak Zumarraga, Bergara eta, azkenean, Ondarretara eraman omen zituzten preso.
“En plena visión dicen que Cándida pesaba tanto que los guardias no podían moverla hasta que recuperó el sentido”
Egia esan, politikak ere bazuen zer esanik. Jendea karlista edo nazionalista zen, baina zein baino zein elizkoiago. Karlistak haserre zeuden bisionarioekin, udaletxeko bileretan altxatu eta Amabirjinak zerbait egiteko esan ziela adierazten baitzuten behin eta berriro. Honegatik frankistengana entregatu zituzten, separatistak zirelako salaketaz.
5 emakume eta 6 gizonezko ziren, 30-60 urte bitartekoak, Kandida eta bere senarra, Ordiziako senar-emazte batzuk...
Haietatik bederatzi berehala libratu zituzten, jabetzak konfiskatu ondoren. Orokorrean 3 eta 16 hilabetetan egon ziren preso, jabetzarik ez zutenak batez ere. Askatu zituztenean, juezak berak ere ez zeukan garbi zein egon behar zuen kartzelan, zeudenak ala denuntzia jarri zutenak.
Zaldibian zatiketak bizirik zirauen 1940.eko hamarkadan. Zerutik zetorkien agindua eta apaiza bera ere isilarazten zuten, bere onetik ateraraziz. Komunioa Zaldibian ezin zutenez hartu, Ordiziara joaten ziren. Hemen ere bazen kide ugari. Joana Usabiagaren denda atzean zegoen koartoan egin ohi zituzten bilerak asteazkenero, 1933tik 20 urte inguru, Donostia eta Oñatiko jendea bilduz. Iluntzeko 9etatik goizeko 6ak arte, askok gau osoan belaunikaturik errezatzen zuen...
CHRISTIAN, J., W. A, Las visiones de Ezkioga. La II República y el Reino de Cristo, Ariel, Barcelona, 1997.
No hay comentarios:
Publicar un comentario