Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-08-14

6. Felisak gogoratzen duena... Ezkontza eta ondorengo urteak Etxeberri Enean

Abaltzisketako Etxeberri Enearen aurretik pasatzen zenean, amona Manuela saludatzera irtetzen omen zitzaion. Manuela, Joxe, artzain guapo haren ama zen, Felisarekin oso sinpatiko agertzen zen artzain gazte hura. Amona Manuelari asko gustatzen zitzaion kafea eta gehiegi gastatzen zuen bizio horretan. Hala ere, bizio hau Juan Bautistarena baino hobea zen, honi ardoa gustatzen baitzitzaion neurririk gabe.


Iritsi zen eztei eguna. Otsaila zen. Ez du eguna gogoratzen, ezta zeraman soinekoa ere. Goizeko 5:00etan izan zen, hori bai. Barregarrizko eguraldia izan zen; zopa eginda iritsi zen elizara, ura eta kazkabarra bortizki erori baitzen. Agian arropak aldatu beharrean izan ziren... Ez da akordatzen. Ermentainen gosaldu zuten eta ezkongaiak Aretxabaletara joan ziren, han bizi baitzen Joxeren arreba ezkondua. Ziurrenik kotxez joango ziren, baina ez du gogoratzen. Arantzazura joateko intentzioa zuten, baina ezin izan zuten bete, hainbesteko elurtea zela-eta. Etxera itzuli ziren.


Amona Manuelarekin ez zituen beti harreman onak izan; hasieratik “utzi” zizkion sukalde lanak bere gain, bera ur bila joaten zen bitartean. Zazpi pertsona baziren Etxeberri Enean, zortzi berarekin; neguan, berriz, osaba Jose Joakin jaisten zen eta bederatzi ziren jada.


Beste batean bestelako historia bat kontatu zidan amona Felisak: aitona Bautista ez zegoela etxetik irteteko moduan esan zieten, baina zaila izaten zen hura kontrolatzea. Behin gaua ilundu zen eta ez zen agertzen. Joxe irten zen aitaren bila. Hila aurkitu zuen. Amona Felisak ez du gogoratzen nola izan zen.

No hay comentarios: