Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2009-01-11

Bozue

Bozue zeritzon Gipuzkoako Aralar eta Eneriok osatzen zuten larre-mendiari eta hango larre-eskubidea zeukan elkarteari.

Gipuzkoarrak Bozue Haundiko edo Bozue Txipiko partaide ziren. Bozue Haundia Aiza-Gaztelutik Balerdi arteko mugaz behera zeuden biztanleek osatzen zuten: Amezketa, Ikaztegieta, Baliarrain, Orendain eta Abaltzisketak (badirudi Altzo eta Alegi ere 1400 arte partaide zirela). Bozue txipia, berriz, Aiza-Gaztelutik Agauntza-erreka arteko mugaz behera bizi zirenek: Zaldibia, Gaintza, Alzaga, Arama, Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Ataun.

Bozue Haundiko batzarraren biltokia Abaltzisketako Bilta-din (Pildain) zen. Baina Bozue Txipikoak deitzen zituztenean, Suegiko atarian. Suegi Zaharra bi Bozuen mugan zegoen eta bost bideen korapiloan. Abaltzisketako baserria zen, baina Zaldibia eta Gaintzako mugarriaren azpian. Suak kiskali zuen 1929an eta oraindik egongo dira bere arrastoak Gaintzatik Larraitzera egin den auto-bidearen ertzean.

Bozue Txipikoek, berriz, Bozuntza aukeratu zuten biltoki. Izenak “bozuekona bakarrik” esan nahi du eta ezaugarritzat harri-marraz inguratu zuten eta barruan intxaur-landara aldatu. Ordiziako babeskuntzari Villa franca izena eman zitzaionetik (1268an) 500 urtetara ere (1779 arte) intxaur horren aurrean izan ziren Bozuekoen batzarrak. Hau ere bazter guztietatik erditsu zegoelako eta lau bidetara egoki aukeratu zuten: Alkarteko zubitik Altzagarate eta Gaintzara, Zaldibiatik Aralarrera, Lazkaomenditik Enerio eta Atauna, Tximistako zubitik Ordizia eta beste tokietara.

Elkartearen jatorria Ordizia sortu aurrekoa da. Ozkue izenez eta bailara bezala azaltzen da lehen aldiz eta gero beti Bozue idazten dute. Bere datak 1027 urtea darama, baina adituek 1180 aldera idatzitako gutun gezurtitzat daukate. Hala ere, nahiz eta gezurra zabaltzeko asmakizuna izan, izen hori, bere lurraldea ezaguna zelako, aukeratu zuten eta 1027 urterako bazela zekitelako.

Garai haietan ez zen Gipuzkoan herririk (lehena Donostia da, 1180.ekoa). Orduan “Agirre”k ziren auzoen ezaugarriak eta bailarak euren barruti nagusiak. Ordiziako San Bartolome eliza ere bi Agirretako etxeek eraiki zuten (1215-1237): Mari-baratza kalean ezagutu genuen Agirre txipiko etxeek eta Upabi eta tunelaren arteko “Agirre Haundikoek, Lazkaibar eta Txintxurreta izan ezik, Beasaingo eliztar izatea nahiago zutelako, eta berdin Senperek ere, Lazkaoko San Migel aukeratu zuelako. Ordiziako herria, bada, Agirre Txipiko lurralde osoz eta Agirre Haundiko lurralde gehienez sortu zuten.

No hay comentarios: