Garai hartan Abaltzisketako Aldabalde Goikoan bizi zen, bere amona Lontxa eta osaba Jose Joakinekin. Amona Lontxa behin baino gehiagotan saiatu zen biak ezkon zitezen, baina Felisak ez zuen entzun ere egin nahi, batez ere bere begiak beste artzain batean jarri zituenean; artzain hura bera baino gazteagoa zen eta, edozein aitzakia zuen nahikoa, bere bidetik atera eta Felisa saludatzera joateko. Oso mutil jatorra iruditu zitzaion hasieratik. Joxe zen, nire aitona izango zena.
Amona Lontxa hil zitzaion eguna ere etorri zen; osaba Jose Joakin artzain zebilen - Neguan etxean izaten zen, baina udan mendian- eta Joxe Mendiburu ere nonbaitera joan zen lanera. Felisak bakarrik egiten zuen lo. Bazen urtebete plan honetan eta behin izugarrizko ardo usainak esnatu zuen. Leiho azpian zegoen arkoi gainetik egin zuen salto atarira eta karraxika hasi zen:
- Preskantonio! Preskantonioooooooo!
- Hobe zenuke leihoak hautsi beharrean, konpontzen hasiko bazina!- erantzun zion Felisak. Mindu egin omen zen.
- Kartzelara joan beharko duzu!
- Ni kartzelara? Zergatik? Galdetu egin zidaten eta nik, erantzun!
- Beno! Bi alderdiak entzun beharko ditut. Bihar nire etxean ikusiko zaituztet, Otamendin. Etxeko jabeak denuntzia jarri dizu. Ez baduzu ordaintzen, atxilotu beharrean izango naiz.
- Ez daukat ezer ordaintzekorik, baina ez dizut Felisa atxilotzen ere utziko.
- Gogoratu, bihar Otamendin ikusiko dugu elkar.
- Fuera! Fuera!- zioen garrasi batean. Baina Felisa ez zen joan. Ez zeukan nora joanik.
Ez zen denbora asko pasatu berri txarrak jaso arte. Aldameneko baserriko umea behi zaintzan zebilen batean, behi batek alde egin eta Joxe malapartatu honen zelaian sartu omen zen. Jabeak makilakadaz josi omen zuen umea eta betirako elbarri utzi omen zuen. Astoa halakoa!
Ez zen gauza hemen bukatu. Umearen aita enteratu zenean Joxerengana joan zen, kontuak eskatzera eta hau harro-harro jarri omen zitzaion. Izugarrizko bronka izan ondoren, labana tripetan sartu omen zion eta aitak kartzelan bukatu zuen. Handik itzuli eta berehala hil zen eta emaztea eta bere seme elbarriak bere burua alde egin beharrean ikusi zuten. Historia penagarria familia horrena ere!
Brigidak kontatu zion Joxe gaiztoa zauritua zegoela:
- Praktikantea tripak barruan ezin sarturik ibili omen da!
- Zergatik ez ote didate niri deitu? Sartuko nizkionan nik!- erantzun zion Felisak.
25 duro irabazten zituen urtean eta 1.000 pezetako zorra sortzen zuen. Urtean bata bat egiten zuen eta igandetarako gordetzen zuen, aurrekoa egunero erabiltzen hasiz.
Beste ugazaba, Joxe destripatuaren anaia, izan zen etxetik bota zuena. Osaba menditik jaitsi bezain laster, kontatu zion bere arazoa, baina ezin izan zuen ezer egin. Alde egin beharra zeukan. Ez zeukan nora. Brigida eta bere anaiak, Joxek, jaso zuten Aldabalde Barrenan ezkondu arte. Urtebete egon zen bertan eta, hasieran bezain pobre zen ezkondu zenean. Egun hartan, nagusiaren etxe aurretik pasatzean, honek adarra jo omen zion.
- Adarra? Benetako adarra?- galdetu nion nik amona Felisari.
- Bai, bai. Adarra. Soinu ederrez joan nintzen ni ezkontzera!
- Baina ez dut ulertzen... Zer esan nahi zuen?
- Burla egitearren! Zer uste dun? Pertsona gaiztoak hitunan! Erabateko gaiztoak! Baina ni baino azkarrago joan hunan hau ere! Nik hemen jarraitzen dinat...
No hay comentarios:
Publicar un comentario