Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-08-14

14. Felisak gogoratzen duena... Ezkontzea "perdizioa" da

Pixkanaka zenbait obra egin zuten Abaltzisketako Etxeberri Enean: egurra jarri zuten lurrean, paretak txukundu zituzten... Egia esan, bizitza guztian sufritzea tokatu zitzaion- bere hitzak dira-, baina tokatu zitzaion senarra munduko hoberena izan zen. Ezkontzea emakumearentzat “perdizioa” izaten zela esan zidan Felisak: edaten duten senarrak, jotzen dutenak..., emakumeak gelditu gabe lanean, saskia bete ume eta erditu eta erditu... Adibide ona zen amona Lontxarena.

Amona Lontxa Joxe Mªrekin ezkondu zen. Lontxaren anaia eta Joxe Mªren arteko tratua izan zen ezkontza hura, juergalagunak eta mozkorti porrokatuak biak. Konturatzerako Lontxak hiru seme-alaba zituen (abortuak ere bai, tarteka-marteka), bizitza amargatzen zioten bi mozkorti erabateko utziak eta irauteak ematen zizkion lanak: behiak, ura, egurra... Eta gosea.

Semeetariko bat, Jose Domingo, osasunez ahula zen eta gaixotia. Lontxaren ahizpa batengana eraman zuten bizitzera, honek seme-alabak hazita baitzituen eta laguntzeko moduan baitzen.

Beste semea, Jose Joakin, aitaren mozkor laguna egin zen eta harentzat ardiak izan ziren emazte (Beti gertatzen da hori- zioen Felisak).

Gregori, alaba bakarra, Tolosara joana zen zerbitzera eta etxera diru apur bat ekartzen zuen bakarra zen. Desgrazia erabat borobiltzen joan zen Gregori Larraizko ermitan agertu zenean... gelditzeko asmoz... Haurdun zegoen.

Felisak Larraizko ermitan jaio zela esan zidan, baina ez dut uste horrela izan zenik. Edo, agian, bai, baina Alkizan bataiatu zuten, behintzat. Apaizak ea lotsik ez zuten galdetu omen zion Lontxari eta honek, bere haragiaren haragi zela goian erditzeko zegoena eta berea eta besteak kostatu zitzaiola gainera, erantzun omen zion, lotsak albora utziz.

Felisak lehengo mutilak oraingoak baino gaiztoagoak zirela esaten zidan. Kontu handiz ibili beharra zegoen. “Aimarietan” mutil guztiak korrika joan ohi ziren bide ertzean ezkutatzera, neskak asaltatzearren. Felisari izugarrizko beldurra ematen zioten. Emakumeek ondo gorde behar zuten bere burua, ez orain bezala. Oraingo mutilak oso zintzoak ziren beste garai batzuetakoekin konparatuta.
  • Nik neuk eskatu nion Joxeri ezkontzeko. Nazkatuta nengoen nire madarikaziozko bizitzeko erarekin.

Bai, ezkontzea emakumearentzat “perdizioa” izaten zen, baina berari tokatu zitzaion senarra munduko hoberena izan zen. Lagunen bat izan omen zuen ezteieguneko gaua armario barnean ezkutatuta pasatu zuena... Berak ez. Ez zuen horrelakorik jasan beharrik izan. Gainera gero eta langileago egiten joan omen zitzaion senarra... beste bizitzeko erarik ulertzen ez zuen arte...

Pixkanaka diru egiten joan ziren. Felisak edozein zirrizku lantzen zuen, ahal zen etekin gehiena ateratzearren. Horrela hazia izan zen eta horrela erakutsi zion senarrari ere. Dirua egiten joan ziren heinean Joxeren alde ona gero eta distiratsuago agertzen joan zen, behar zuenari laguntzeko, pobreenei dirua uzteko...
  • Gizon aparta aukeratu nuen... – dio pentsati- Ni, berriz, gaizto samarra izango nintzen, ez? Bestela, zergatik eman behar zizkidan bizitzak hainbeste ostiko?

No hay comentarios: