Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-08-14

5. Felisak gogoratzen duena... Asteburua Etxeberri Enean eta gaztetako kontuak.

Aldabaldeko Joxe (Felisaren gaztetako bizilaguna)
Larunbata zen amona Felisarekin kontu hauek izan nituenean eta, bizitzaren bromak!, igandean bisita izan genuen Etxeberri Enean. Ez nituen zuzenean ezagutzen, baina bai aditzeraz: Aldabaldeko Joxe, Brigidaren anaia zen! 79 urte zituen une horretan eta emaztearekin batera zetorren, 73 urtekoa hau. Berrogeita hamarren bat urte baziren Felisa ikusi gabe eta azkenean egin zuten: Tolosatik Larraitzeraino autobusez etorriak ziren!

Joxeren emazteak bazuen zer esana. Larraitzen egiten omen zuen lan. Kanpotarra zen eta fama txarrekoa, gorria. Joxe gerratik itzuli zenean ezagutu omen zuen eta “hizketan” hasi omen ziren. Joxeren amaren disgustua, semea gorri batekin ezkontzen zitzaiola-eta! Gaizki aterako zen, ez zuen iraungo... Mezu horrekin bidali zuen Joxeren amak Felisa “gorriarengana”. Honek ez zion kasu handirik egin, baina ez zituen Felisaren hitzak ahaztu. Urteak pasa ahala, Felisari bere errorea erakutsi beharra garrantzizkoa egin zitzaion. Aspalditik zegoen ezkontzak iraun zuela frogatu nahian.

Aldabaldeko Joxe eta bere emaztea, Joyeria Angelitaren jabearen (gizona) gurasoak dira. Joxek izugarrizko umorea kontserbatzen zuen 1991ko abuztuaren 4an, Parkinson bortitz batek jota bazuen ere. Emaztea oso dotore kontserbatzen zen eta gaztetasun arrastoak zituen begiradan eta hizkeran. Une inportantea zen beretzat Felisarekin hitz egiten ari zeneko hura!


Joakina, 3 gaizkile haietako baten alaba

Eta bizitzaren biribilak berriro! Ez zen asteburu hartako gorabehera hemen bukatu! Joakina azaldu zen Felisa bisitatzera. Bazen urte pare bat etorri gabe eta, igande hau aukeratu behar! Felisari sustoa eman zion hirukote hartako baten alaba zen.


Aldabalde bisitatzera

Historia bero-bero genuela, Aldabalde bisitatzera joan ginen. Ez genuen oroitzapenik topatu. Inoiz egon gabe nengoen inguru hartan eta sentimendu ezkutu baten bila joan nintzen. Ez nuen aurkitu, ordea. Txalet bat zegoen ondoan eta baserrian Brigida eta Joxeren koinata bizi omen da. Ez zegoen arrastorik.

No hay comentarios: