Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2009-01-10

Ordiziako Botika Zaharra

Hau ez dagokio Zaldibiari zuzen-zuzen, Ordiziari baizik. Ondoren datozen arbasoen garaikoa delako aipatu nahi dut hemen: Ordiziako Jauregi farmazia, Botika Zarra, historia handiko farmazia da. Sorrerako daturik ez dago, baina 1854ko maiatzaren 24ko data duen erabaki bat bada Ordiziako udaletxean. Garai batean oso herri gutxitan izaten ziren farmaziak. Ordiziako hau 1874-1898 bitartean inguruko bakarra zen eta, Ataun eta Beasaingo biztanleak ezezik, gainerako guztiak ere hornitzen zituen.

Jose Antonio Jauregi Ormazabal ordiziarrak, gaur egun Jauregi farmazia daukatenen herenaitonak, sortu zuen Jauregitarren farmazia. Abaria etxean alokairuan bizi omen zen. Honen semeak, Anselmo Jauregi Lasak, orube bat erosi eta hantxe kokatu zuen farmazia. Gaitasun handia omen zuen Anselmok ogibide honetan. Bere espezialitatea, oinetakoentzako betuna zen. Botikaren sotanoan egiten zuen. Gipuzkoan eta Gipuzkoatik kanpo ere, oso ospetsua zen Anselmoren betuna. Guardia Zibilak oinetako garbiak erabiltzera behartuak zirenez, bezero onak izan omen zituen. Aragoiko erakusketa batean, 1868an, saritu egin zuten betuna.

1908an hil zen Anselmo, Ordiziako alkate zelarik une hartan. Bi semeek jarraitu zuten farmaziarekin, Jose eta Domingo Jauregi Gorostidik, hauek ere botikariak. Oso ezagunak ziren botika barruan egiten zituzten solasaldi edo tertuliak. Bitxikeria ugari izaten zen, 1916koa, Juan Ramon Munduate (erlojugilea), Jose Migel Barandiaran (antropologoa) eta Domingo Jauregi farmazeutikoaren artekoa ekarriko dugu gogora. Mendian galenazko irrati bat egitea erabaki zuten. Botikaren kanpoaldean antena handi bat jarri eta I. Mundu-Gerrako albisteak jasotzen zituzten, Paris eta Londresetik. Entzundako albisteei buruzko solasaldiak egiten zituzten egunero eta herritarrak ere informatzen zituzten, botikaren kanpoaldean kartelak jarriz. Bi hilabetera poliziak irrati honen berri izan zuen eta espiak zirelakoan atxilotzera joan ziren. Irratia ikusitakoan, horrelako aparatuarekin atzerriko ahotsak entzun zitezkeenik ezin sinetsirik gelditu ziren. Aparatua kendu eta gerrako albisteak entzun eta zabaltzea debekatu zieten.

Beste bitxikeria bat: baserritar bat tertulian sartu eta maitemintzeko hautsak emateko esan zion, bazekiela egiten zituela eta. Jose Domingok, txantxetan eman zion errezeta: aspirinaren eta azukrearen arteko nahasketa. Hilabete barru itzuli omen zen baserritarra, oso ondo joan zitzaiola eta dosi bakar batekin nahikoa izan zuela esanez.

No hay comentarios: