Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2009-01-10

San Migel

Aralarko Adiskideek Igaratzako kapera inauguratu zuten. Lehenengo urtean igandero eta jai egunero meza emateko Tolosako apaiz desberdinekin moldatu ziren eta gero Lazkaoko Aita Beneditarrekin. Meza bakoitzeko 50 pta ordaintzea erabaki zuten, apaizarentzat lan handia suposatzen baitzuen: aurretik Lizarraustiraino joan eta janaria eraman behar zuen; etxera itzultzerako oso berandu izango zen... Diru honi artzainek eta mendizaleek emandakoa gehitu behar zitzaion (60-80 pta bildu ohi zen gutxi gorabehera).

Aldarearen gainean Arantzazuko Ama Birjinaren irudia jarri zuten, eskuinean San Bernardo Menton, mendizaleen zaindaiarena, eta ezkerrean San Migelena.

Alberto Begiristain, Lazkaoko beneditarren aita priorea, arduratu zen. Inaugurazioa berezia izan zen: lehenengo meza zen hartan, elurra hasi zen; hori bitxia zen, maiatzaren lehenengo igandea baitzen! Apaizak eta laguntzailea izan ezik beste guztiak kanpoan egon ziren, ikusten ari zirena ezin sinetsirik. Meza 12:00etan zen, goizean goiz atera eta, garai hartako legeak agintzen zuen bezala, 4 orduko bidea baraurik egin behar izan zuten.

Gaur egungo artzainek garraio mekanizatuaren jabe dira; lehengoak, berriz, oinez edo kabaileriaz egin behar izaten zuten bide guztia. Komunikazio zailtasun honek sei hilabeteko bakardadean murgiltzen zituen artzainak. Elkarrekin biltzeko ere ez zuten okasio handirik izaten, ardi mozketa izan ezean. Meza entzutea izaten zen igandeko lehenbiziko betebeharra kristau familia gehienetan eta orduko artzain eta nekazariek oso nekez utziko zioten lan horri ordubete eta biko bidea egin beharrean izan arren. Mendiko 6 hilabete horietan, berriz, Korpus egunean bakarrik joaten ziren mezetara, San Migeleko elizara, hain zuzen.

Aita Alberto ia 40 urtez ibili zen Igaratzako joan-etorrian. Laurogeiren bat urte izango zituen Igaratzako apaiz lanari utzi zionean.

No hay comentarios: