Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2009-01-11

Joan Ignazio Iztueta

Ez dauka zerikusi zuzena Irastorzatarren arbasoekin, baina zaldibitarra zen eta azkena aipatu dudan zerrendan daudenen garai berean bizi izan zen. Garaiko zaldibitar bat denez eta garaiko Zaldibia erakusten duenez jarri nahi dut hemen: Joan Ignazio Iztueta
Errejimen Berriaren eta Zaharraren artean, zenbait gerrateren artean koka dezakegu bere bizia (eta ondoren landuko diren lehenengo orrietako arbasoenak): Konbentzioko gerra (1794-1796), Napoleonena (1808-1813), Fernando VII.aren agintaldiak, absolutismoa, hiru urteko Konstituzioa (1820-1823), lehenengo gerrate karlista (1833-1839) eta abarren artean bizi izan zen, alegia.

Garai hartako Zaldibiak 114 etxebizitza bazituen, 96 nekazaritzan edo arrantzan aritzen zirenak eta beste 18ak kalean. 1.300 biztanle ziren, 120.000 biztanleko Gipuzkoa hartan.

Berrogei iturri kontatzen ditu Iztuetak “ur garbikoak”. Beste 5 ur minerala dutenak. Bere iritziz zaila da Gipuzkoa osoan amuarrain gehiago dituen ibai bat aurkitzea.

Meategien berri ere ematen digu, beruna, eztainua, burdina, zilarra, urrea eta, batez ere, kobrea (hau oso ugaria). Arritzagan bi fabrika ezagutu omen zituen lan honetara dedikaturik; hirurehunen bat gizaseme, kaperau eta guzti. Auzo txiki bat osatuko zuten, eliza eta guzti. Meategia 1724an deskubritu omen zuten eta 1800era arte gelditu gabe ustiatu omen zuten. Handik ateratako kobre xaflak Gaztelarantz bidaltzen omen zituzten mando gainean.

1787an Aitzarten urre garbi eta fina atera omen zuten. Don Jose Ignacio Etxabek, Zaldibiako parrokoak, 16 langile jarri lan egiten eta zerbait atera omen zuten, baina kostua 12 aldiz bere balioa izango omen zuen.

Animalia basati ugari omen zen baso hauetan: tigre, otso, hartz, basurde, basahuntz, azeri, erbi, igaraba, triku... 1735ean Zaldibiako bi ehiztarik (Ursugoenkoa eta Gorrienakoa) izugarrizko hartz handia ehizatu omen zuten. Balmedianoko markesak Ordizian zuen jauregira eraman zezan agindu omen zion Ursugoenako baserrian zuen maizterrari eta 40 urtez behintzat izan omen zuen markesak hartzaren larrua bere atarian.

1776an Izalgo artzain batzuek tigrea harrapatu omen zuten bere zepoan eta, ohitura zen moduan, etxez etxe paseatu omen zuten eskupekoren bat eskatuz. Era berean jokatzen zuten otso eta basurdeak ehizatzen zituztenean.

Garia ugaria omen zen, eta garbantzua ere ereiten omen zuten. Zenbat eta lehorte handiagoa orduan eta hobea omen zen jasotako garbantzua.

1831n Zaldibiako batek egindako oparia 18 librako aza izan omen zen.

100en bat artalde izango omen ziren, bakoitza 10.000 ardi eta 20.000 arkume zituena.

Iztueta izan zen dantzen inbentarioa egiten lehena, Gipuzkoan gehien dantzatzen ziren herrietan eta dantzaldi hauetan erabilitako traje edo soinekoak zeintzuk diren adieraziz. Bertsolari eta dantzari ona izanik, askok eta askok luzatu izan zizkioten begiak. Mendeku eta pertsekuzioaren menpe bizi behar izan zuen 30 urte zituenetik hasi eta 43 urterainoko guztian; salaketa, epai eta kartzelak zirela medio, aldi honetan, ez zen batere eroso gure gizona, guztiz penagarri baizik.

Iztuetaren gurasoak, Lazkaotik etorritakoak, garai hartan aberatsak behar zuten, beraiek eraiki baitzuten gaur egun dagoen etxea eta dantzariaren jaiotetxea (1803an 12.999 errealeko balioa bota zioten); lurrak ere bazituzten.

Gaztetan izandako abentura ugarik amaiera kaxkarra izan zuten harengan: salaketa salaketaren gainean eta ondorio mingarriak. Beranduxeago hobeto jokatzen asmatu zuen: lagunek erbestera joan behar izan zuten bitartean, berak, Diputazioko diru-kutxa ahitu samarra egon arren, eguneko 4 errealeko pentsioa jasotzeko moduak egin zituen.

Hiru aldiz ezkondu zen. Lehenengoa Maria Joakina de Linzuainekin eta 1790. urteko urtarrilaren 11n ezkondu ondoren, Zaldibiako herriari olio gozoa, balea, bakailaoa eta sardinak ekartzeko konpromisoa hartu zuen bere gain. 22 urte zituen eta 18 emazteak. Bost seme-alaba izan zituzten: Joseph Ignacio (ume zela hil zen), Maria Ana, Maria Antonia, Josefa Francisca eta Joseph Manuel. 1802an hil zitzaion emaztea, 31 urte zituelarik (Iztueta preso zegoen Tolosan). 1817an, Manuela Parisekin bizi zela Donostian, ezkontzaz kanpoko seme bat izan zuen. Ondoren ezkondu ziren Kontxesi eta Iztueta eta lehenengo ezkontzan jaiotako alabak ezkontzen hasiak zeuden.

1792an Albisu Irive familiarenak ziren Olaako bi errotak alokatu zituela ere badakigu. Ondoren Zaldibiatik alde egin zuen.

Pleito ugari izan zituen. 1801ean bere lagun zaldibitar batek Bergarako azokara joandakoa kontatzen du: “En muriendo nada queda del hombre”, “fornicar es lícito del hombre”, “Jesucristo era un hombre temoso y falso”, “Voy a misa en el pueblo por ceremonia y para que no me noten”... Hitz hauek jartzen ditu Iztuetaren ahoan.

Logroñoko Inkisizioaren aurrean salatu zuen Jose Ignacio Etxabek, herriko parrokoak, zaldibitar bati entzun zizkiola hitz hauek eta.

Iztueta atxilotu eta Ordiziara eraman zuten, Gaintzako eskribauaren etxean egindako lapurreta zela eta. Ondoren Tolosara eraman zuten.

1806ko uztailaren 13an Azpeitian neska jaioberri bat bataiatu zuten, Azpeitiko Aldekaitz baserriko labean aurkitu zutena. Juan Ignacio Iztuetaren alaba zen, Logroñoko kartzelan zegoena eta Mª Concepción Bengoetxea zen bere ama, kartzelan hau ere. Ba ote zekien aitak haur honen berri?

1808an Maria Concepción Bengoetxea, Kontxesirekin, ezkondu zen Azpeitiko elizan. Donostiarra zen andrea, Azpeitian bizi zen arren. Bien alaba urtebete lehenago jaioa zen. 7 urte bizi zituzten ezkonduta, 1815ean, 39 urte zituenean, Kontxesi hil egin baitzen.

Frantziaren agintepeko urtean, 1809.ean, Azpeitian frantses-zale izena hartzeko merezimenduak egin zituztenen artean dago; izen hau herriko biztanle askok eman zioten. Beraz Iztueta eta Kontxesi (1808ko otsailaren 9an elkartu zen berarekin) espetxetik aske zeudelarik, bolada batean, batera eta bestera asko mugitu ziren. Iztuetari desterru-zigorra eman zioten Azpeitian, baina 900 dukat ordainduz ekidin zitekeen zigor hau, eta nahiago izan zuen Donostiara joan.

1810.eko apirilaren 24an Iztueta Azpeititik Donostiara heldu zen bere bigarren emaztea zen Kontxesirekin eta seme-alabekin. Orduan 43 urte zituen. Donostiarrek dudarik gabe ezagutzen zituzten bere maitaleari espetxetik zuzendutako bertsoak.

1814an Tolosako korrejimenduko kartzelan egon zen, prozesaturik, eta hurrengo urtean baldintzapeko askatasuna lortu zuen.

1815.eko abuztuan Kontxesi hil zitzaion eta bere 5 seme-alabekin geratu zen bizitzen (bi emazterenak).

Donostiara joan zenean, ez zuen atsedenik hartu eta merkataritza lanetan aritu zen, esku-arte ona lortuz.

1820ko urriaren 13an, Santa Fe jaiak zirela eta, Zaldibian zen.

1828an Mª Ascensión de Urrozolarekin ezkondu zen eta hirugarren ezkontza honetan ere pare bat seme-alaba izan zituen (10 behintzat izan zituen!).

1837ko abuztuaren 10ean, karlisten gerra bete-betean, Ordizian sinatu zuen agiri bat Zaldibiako herritar gisa. Handik bi urtera Juan Bautista Erro ministroari gutuna idatzi zion, bere egoera ekonomikoa agertuz. Zaldibian egin zituen azken urte hauetaz argi gehiegirik ez dugu. Hirurogeita hamar urte zituelarik, 1840an Bergarako Besarkadan izan zen eta Seguran ere dantza irakasten aritu zen. 74 urterekin umeei dantzan irakasten die Iztueta-enea edo Kanpandegi etxe aurrean.

No hay comentarios: