Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-03-10

1. Teodorok gogoratzen duena... Eskola

Zaldibian kokatu behar dugu historia honen enborra, Irastorza arbaso gehienak hangoak baitira.

Eskolara
6 urterekin hasiko zen, gutxi gorabehera. Bederatzietatik hamabietara eta ordubietatik lauetara izaten zen garai hartan. Bazkaltzeko 10 zentimo balio zuen opila erosi ohi zuen eta, izaten zenean, etxetik ekarritako ontza bat txokolate sartzen zitzaion barruan.

Meriendarako orduan iristen zen etxera eta babarrun jan ederra egin ohi zuen. Sesina izaten zenean, hura festa!

Marmitak hartu eta Eleizegira joan beharra izaten zuen, ur bila. Ilundutakoan ohera, porrupatatak eta esnea afaldu ondoren.

Etxean lana bazen, ez ziren eskolara joaten. Neskak maizago joaten ziren, baina mutilak etxean lagundu beharrean izaten ziren. Kozkortu zenean (11-12 urte) gaueskolara hasi zen. Kaleko jendea oso bihurria gogoratzen du; maixuaren etxeko kristalak arbiak botaz hausten omen zituzten...; gero egurra jaso behar, baina hura ere barrez lehertzen. Haserrearen haserre, egurra denentzat izaten omen zen azkenean, baina horrek ere ba omen zuen konponbidea mutil azkar haien buruetan: galtza barrua, ipurdi ingurua txapelaz bete eta, berriro algara bizian hartzen omen zituzten zume estu haren ipurdikoak. Beste behin maixua gelatik kanpora atera zen momentuan, lehenengo ilarakoak aulkia di-da batean luma puntaz estali omen zioten. Hura ere egur saioarekin bukatu omen zen, noski. Baserrietakoak ez omen ziren hainbeste ausartzen gaiztakeriak egitean. Hala ere, behin, Zubiondon sagardoa edaten harrapatu eta aguazila Mamoneara joan omen zen parte ematea eta aitaren kaskarrekoak gogoratzen dituela dio...


1 comentario:

Tere dijo...

Oso gustura irakurri dut informazioa. gertuko histoira bltzeak hurbildu egiten gaittu.
Ondo izan
tere Irastortza