Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-07-18

3. Teodorok gogoratzen duena... Lanbideak eta gaztaroko bizitza

Zaldibian bizi gara oraindik.

13 urterekin
eskola kontuak bukatu omen zituen eta lanean hasi zen.
Fabrikako lana oso kaltegarria zela pentsatzen zuten auzoan, petxutik gaixotzeko arrisku galanta zegoela eta… Gero denak joango ziren fabrikara lanera! Horren aurretik, artoa, garoa, garia eta abar ekarri beharra izaten zuten. Horretan urte guztirako lana zegoen. Dirua behar eta sega lana eta laian ere aritzen ziren.
Lehenengo lana Zubiondon izan omen zuen, zerran. Orain taberna dagoen lekuan. Bigarrena basoan egurretan; bi edo hiru negu gogor gogoratzen ditu, horrela. Gero hargintzan aritu omen zen, etxeak egiten.
Itsasondora ere joan omen zen lan bila meategira.
  • Hik ez duk honetarako balio. Ahulegia haiz- esan omen zioten.

San Gregorion peoi ibili zen, etxea egiten. Bizikletan joaten omen zen bere abarka eta guzti. Egia esan, astoak baino indar gehiago zuen garai hartan! 150 pezetako soldata kobratzen zuen: 20 duro eta bi bost duroko billete luxe-luxeak jasotzen omen zituen (Maria neskame joan zenean, bost durokoren bat jasoko omen zuen ziurrenik!). Hura poza! Asteburuan afaritxoa egin, hileko zorrak ordaindu eta kitto!

1947an soldadutzara joan omen zen. Bi urte izaten omen ziren eta permiso bakarra sei hilabetera ematen omen zuten. Azkenean, etorri behar zuen unean gaixotu egin omen zen: paludismoa!. “Si no quieres taza, taza y media”, beste hilabete bat pasatu beharra izan omen zuen. 1949an gaude.

1950eko urtarrilaren 22an, CAF lantegian hasi omen zen lanean. Aurrez kontrarioak ziren, baina… Rebisioa pasa eta… a kurrar! Zer dakizu egiten? Ezer ez… Tornutara, KM! Etxean lana izaten zenean, lantegirako baja hartzen omen zuen. Zenbaitetan baja hartu garo garaian eta euria hasi eta ez atertu: alferrikako tranpa! Garo izpirik jaso gabe, lanera hasi behar.

Aitona Martin langile aparta omen zen. Idiak hartu eta goizeko ordu bata edo ordu biak aldera, Enerio bidean jartzen omen zen, garo bila, bertakoa ez baitzen nahikoa izaten. Bera beranduxeago joaten omen zen aitaren bila, izugarrizko gurdikada hura ekartzearren. Bazkaldu eta lanera. Hurrengo eguneko plana antzekoa izaten omen zen. Afaria, patatak eta arraultza gogortua izaten omen zen, ogiaz lagundurik eta, ondoren, esnea. Zenbaitetan afariaren aurrean lo seko aurkitzen omen zuen bere burua, neka-neka eginik.

Behin Pedro morroi Izalera eraman beharra zegoela eta, fardela eskuan, bizikletan abiatu omen ziren biak. Elurra mara-mara, dena zuriturik, nola edo hala, Izalen utzi anaia eta Zaldibiara itzuli omen zen bera.


No hay comentarios: