Ñañarri

Ñañarri
Ñañarri edo Txindoki Mamoneatik ikusita

Ongi etorri nire atarira.

Koro Irastorza Etxeberria naiz eta blog honetan etxean entzundako aspaldiko historiak ari naiz kontatzen...

Gunearen antolaketa

Testu honen ondoren dagoena, artikulu zerrenda da. Horiek kontsultatu nahi badituzu hobe duzu ezkerreko zutabean dagoen eskema jarraitzea: nahi duzun sarrera sakatu eta kitto! Horrela jakingo dituzu nire aita Teodoro, zaldibitarrak, eta ama Kristina, abaltzisketarrak, kontatzen zizkidaten kontu batzuk.

2007-07-18

4.4. Teodorok gogoratzen duena... Soldadutza: Zaldibiara itzultzen

Lizentziatu zenean, berriz, zorte txarra izan zuen, paludismoak gaixotu baitzuen eta hilabete gehiago egon behar Afrikan! Eskerrak pasaporteak balio ziola! Ez zegoen erabat sendatuta, baina presa zuen. Txasko berri bat izan zuen biletea ez ziotenean eman, zigilu bat falta zela-eta. Berriro alto komisariorengana joan beharrean izan zen:
  • ¡Tú no quieres irte a casa!- esan zion broman “kapitain ayudanteak”

Ez tokatu arren, sukaldean jan omen zuen eta oso ondo portatu omen ziren berarekin. Legionario batekin topatu zen bidaiaren hasieran; Burgoskoa zen eta maletarik gabe zihoan. Teodororen aurpegi txarra ikusita, lagunduko ziola esan zion eta horrela egin zuen bidaia osoan. Teodorok oparitarako zekartzan erloju batzuk ezkutuan pasatu nahi zituen eta bien artean bokadilo barnean disimulatu zituzten eta aduana pasatzerakoan banatu.

Algezirasen denak kristalak garbitzera bidali zituzten. Teodoro zutik ezin egonik zegoen, baina... Legionario honek atera omen zion aurpegia, gaixo zegoela-eta. Besteak kristalak garbitzen ari ziren bitartean, Teodoro ohean egon omen zen, deskantsatzen.

  • Comida no tengo- legionarioak.
  • Yo, si.- Teodorok

Madril bastante ezagutzen zuen legionarioak eta ederki zaindu zuen Teodoro. Sardina lata izugarria erosi omen zuen bientzat. Han banatzea tokatzen zitzaien: legionarioak Expreserako biletea zeukan eta Teodorok Correorako. Expresa berehala ateratzen zen eta Correorako, berriz, itxaron egin behar. Legionarioa bere biletea aldatzea joan omen zen, Teodoro ez bazen Expresen sartzen, bera Correon joango zela-eta.

Burgosen
izugarrizko harrera egin zioten legionarioari.

  • Tendré que volver a Africa. Aquí no tengo nada... – esan zuen pentsakor.

Ez du gehiago ezer jakin.

Ez zen Zaldibiara nahi ordurako iritsi! Bazetorrela bazekiten nonbait eta Biandetxeko Joakin eta Hojalateriko Lekuona etorri zitzaizkion bila geltokira, bizikleta eta guzti. Eleizegitik gora zihoala Mamoneako zakurra konturatu omen zen; 18 hilabete ikusi gabe eta lehenengo etxeko saludoa berak eman omen zion, leporaino saltatuz. 1949 zen. Hurrengo urtean CAFen sartu zen.


No hay comentarios: